
Asteartea, 2009ko ekainak 16.
Ofizialtasunaren alde egingo dute korrika
igandean Bilbon, ESAITek
antolatuta.
Hamargarren urtea du euskal selekzioaren aldeko herri
lasterketak, eta 1.000 lagun inguru batzea espero dute.
G. Goikoetxea. Bilbo.
Urteurren
borobila du aurten euskal selekzioaren aldeko lasterketak. ESAIT Euskal
Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak antolatuta, hamargarren aldiz izango da
igandean korrikaldia, Bilbon. Herritar guztientzako moduko lasterketa dela esan
zuten antolatzaileek atzo aurkezpenean, eta «aukera ezin hobea»
ofizialtasunaren alde egiteko. Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat,
federazio bat izango du lelo lasterketak.
Uribitarte pasealekuan izango ditu irteera eta helmuga korrikaldiak. 15 urte baino
gutxiagoko gaztetxoak hasiko dira, 11:00etan; 1.860 metroko ibilbidea prestatu
dute haientzat. Ondoren, 15 urte baino gehiago dituztenak ariko dira, 11:30ean.
6.500 metro egin beharko dituzte.
Izena ematea
ezinbestekoa da lasterketan parte hartzeko. Bizkaiko eta Laudioko (Araba) Forum
dendetan egin daiteke hori, ostiralera arte. 15 urtez azpikoek doan dute izena
ematea, eta gainerakoek zazpi euro ordaindu beharko dituzte. Igandean bertan
ere izango da aukera izena emateko; bederatzi euro ordaindu beharko dira
orduan. Parte-hartzaile guztiei elastiko bana emango diete.
Hamar urteetan lasterketa hobetu egin dela esan zuen
Egoitz Askasibar ESAITeko
kideak. «1.000 lagunetik gora biltzen ditugu, eta Euskal Herriko puntako kirolariak
datoz». Aurten ere beste hainbeste jende batzea espero dute, haien artean
atleta ezagunak. Jada baiezkoa eman dute, esate baterako, Iraia Garcia Euskadiko kros txapeldunak eta Unai Saenz de la Fuente maratoilariak.
© berria.info